Pedro Munarriz Goñi: Eguarastik Larraintzarren barna Ihabena.

Pedro Munarriz Goñi: Eguarastik Larraintzarren barna Ihabena.

Munarritz familia (1)Ihabengo Miltxonean izan gara gure aspaldiko adiskide batekin hizketatzera. Pedro Munarriz Goñirekin solastu nahi genuke gaurkoan. Lauretan hogei eta hamar urte ditu. Burua beti bezain argi, nahiz ibiltzeko nagi samar dagoen.

Martxoaren 13a da eta eguraldia bihurritu eta erabat hoztu du. Etxeko epelean egoteko hobea dago. Lurreko su eder bat duen etxeko egongelan hartu gaitu. Eta mahaian eseri eta hasi gara hizketan.

Bere bizitzaren azken 77 urte Ihabenen egin ditu, baina bere haurtzaro guztia, ia hamalau urteak artio, Larraintzarren pasatu zuen.

 

Pedroren gurasoak

Pedroren aita Jose Munarriz Huarte eta ama Maria Goñi Eritze, lehena Eguaratsen jaioa eta bigarrena Larraintzarren.

Pedroren aitak eta aitatxik erosi zuten Eguarasko Juantikonea, erabat zahartua; bota eta berria egin zuten, ttikiagoa baina nahiko handia. Zurgingoan Oskozko zurgina aritu zen, Gerendiain, eta aita ere bai, honek franko baitzekien langintza honetan. Aita Larraintzarko zurginekin eta aritzen zen lanean, Ihabena etorri baino lehen.

Dirudienez, ezkon berriak konpontzen ez Munarritz zaharrarekin eta etorri ziren Larraintzarra.

Ama, berriz, Larraintzarko Leandron etxekoa zen (Salbidegikoa) Jabeak ziren, baina geroago, Florentino Goñi Eritze famatuak,amaren anaiak, saldu zion Arbillari, Gaztelunekoari. Florentino, gerra denboran eta, Severino Larraiotz, Apeztegia eta Beuntza tratanteentzat aritu zen lanean; kontuak eramaten zizkien.

 

Pedro, zu Larraintzarren jaioa.

Ez, ez, ni Eguaratsen jaio nintzen, Yuantikonean. Jaio eta urte bat nuelarik, gure aita eta ama, enekin batera, Larraintzarra Kaxintoren etxera. Baina ni Salbidegin hazi nintzen. Badakizu, gure ama etxe honetakoa zen eta bertan nituen aitatxi, amatxi eta osabak.

 

Orduan Larraintzarren bizitu zineten urte frankoz.

Bai, nire haurtzaroko oroitzapenak Larraintzarkoak ditut. Gainera nire hurrengo sei senide Larraintzarren jaio ziren. Eta azkenko lauak Ihabenen. Nik hamahiru urte nituenean aldatu ginen herriz, aita-amak eta zazpi senideok Ihabengo Tabernazarrea edo Etxeberria deitzen denera etorri ginen.

 

Larraintzarren nekazalgoa zuten. Lur gehienak errentan ibiltzen zituzten, Amerikanoarenak ziren.

Francisco Goñik, aitonak, eskola handia omen zuen. Gorputzez, bestalde, oso indartsua. Larraintzarko eskolak egiteko harria Tafallatik ekarri omen zuten, eta hau ibili omen zen gora igaten. 300 kiloko harriak eta, kabezaletako. Frontona egiteko ere Tafallatik ekarri omen zuten: “Hoiek nik io nitttun”, esaten omen zuen.

 

Urte inportanteak Larraintzarkoak, Pedro!

Horixe hala direla, eskola, lehen jaunartzea, mutikotako aztarrikak… oroitzapen handiak.

 

Eskolak

Larraintzarren haur ttikiendako mojak izaten zituzten, lehen jaunartzea egin artio. Eta gero maistrua.

Pedro, soldadu (1)

Eskolako kontu bitxiren bat, Pedro?

Bat? Bi kontatuko dizkizut:

Mojen eskola azpian izaten zen soto bat eta zerbait txar egiten genuenean, txano (gorro) gorria jarri eta sotora igortzen gintuzten. Hori zen zigorretako bat.

Bigarrena maistruarena: Ciriaco Eritze zuen izena maistruak eta, honi, edatea gustatzen zitzaion eta beti ostatuan izaten zen. Noiznahi erdi edana ibiltzen zen. Eta mutikook ez baikenuen gauza onik, egun batean, ostatutik plazara jaisteko diren eskaletan harri koxkor batzuk jarri genituen eta maistrua zilipurdika erori zen.

Biharamunean, eskolan, berga batekin maistrua oihuka eta ni eta Pedrokoneko Javier, ataria ireki eta ihesi egin genuen. Hartatik galdu ginen. Gu izaki printzipalenak!

 

Asko ikasi al zenuen?

Harrekin nago, e! Han ikasitakoarekin. Badakizu, lehenago etxean lana eta izaten zen, eta ez dago ba, han akabatu zen gure eskola.

 

Eta beste konturen bat, oso gogoan duzuna?

Ba, Timoteo osaba, fraidea zena, oporretan urtero etortzen zen. Eta behin, ni ttikia nintzenean, kuriketan ibili behar genuela eta hasi ginen jostaketan. Nik betetzen nuen eta bera ortzi zen. Sabaira joan zen eta eskale ondoan zen konporta batean sartu zen. Nik berehala igarri eta hasi nintzaiolarik, oihuka: Timoteo, Timoteo! Hor zaude! Konportan zaude! Altxatzen hasi, konporta irauli eta non hasten den eskalerak behera bueltaka, beheitiraino.

Egun hartan irri eta algara faltarik ez zen izan fraidearen kontura!

 

 

Gerra garaiak

Gerrakoan zu oraindik ttikia, baina hala ere, gogoan izanen dituzu gauzak.

Bai, nik hamar urte nituenean hasi zen gerra. Eta ekartzen zituzten Gerendiaingo Orgi deitzen den tokira presoak eta bertan fusilatzen zituzten. Eta gogoan dut, nola, pun, pun, pun, tiro hotsak. Eta osabak esaten zidan: Beittu, ai’ttuk hiltzen, preso guzik hiltzen!!!

 

Zuk baduzu gerra denboran osaba bat edo bi hilak.

Bat, bat. Timoteo. Bilbon zegoen fraide, Santiago Apostol ikastetxean, erakusten aritzen zen. Salestarra (Salesiano) Eskolak ematen zituen baina ez dakit meza ematen zuen, apika ez. Joka ibili eta erdi hilik utzi zuten. Ama eta Florentino osaba joan ziren ikustera baina ailegatu eta atzenekotan zen. 1937ko ekainaren bukaeran zen, Bilbo erori zenean.

Florentino bera ere gerra hastean larri ibilitakoa zen Donostian, baina honek ihes egitea erdietsi zuen.

 

Larraintzarko zenbat mutil hil ziren frontean?

Lau, lau mutil. Bat Perustenekoa, beste bat Eletan etxekoa, beste bat Maixuaren etxekoa eta beste bat Arotzenekoa. Lau denetara.

Martina eta Pedro (1)

Beste zer duzu gogoan?

Mutikoak Auzara joaten ginela instrukzio militarra egitera. Attek zurezko eskopetatto bat ere egin zidan. Auzan, ustez, Antonio Lasarte genuen erakustun. Lizasotik Ilarregi bitarteko herrietakoak biltzen ginen. Gainerako herrietako haurrak zer egiten zuten ez dakit.

Eta egun batez Larraintzarren desfile bat antolatu zuten. Han ginen mutiko pila!

 

Larraintzarko beste kontu batzuk

Zuk zer dakizu Manuel Irurita obispoaz, Larraintzarko semeaz?

Ikusi nuen nik. Etorri zen eta omenaldia egin zioten. Dena lorez betea zen herria, plaka bat ere jarri zioten bere sortetxean, Baxtanen etxean. Gerra denboran Bartzelonan hil zuten.

Esan beharra dago, plaka, Lleidako Obispo egin zutenean jarri ziotela, 1927. urtean. Eta Bartzelonako obispo 1930. urtean egin zuten. Beraz, Pedro azken honetaz ari da, dudarik gabe.

 

Nor zen Larraintzarko apeza?

Don Serapio Navarro. Ergoienakoa zen. Harrengatik jarri zioten nire anaia bati Serapio.

 

Gero Don Gabriel Ziganda, Perusteneko semea egon zen.

Bai, orduan ere jaleoa herrian. Perustenekoak nahi zuten ekarri eta beste batzuk egin zieten kontra, ez zuten nahi herriko seme bat apez izan zedin. Baina ekarri zuten. Larraintzarren hil zen, baina hiltzerako gu hemen ginen, Ihabenen.

Don Gabriel Oskotzen zegoen apez eta 1937ko hasieran etorri zen Larraintzarra.

 

Doktrinarik ematen al zuen apezak?

Bai, bai, Don Serapiok. Hamaiketan eskolatik atera eta doktrinara.

 

Eta, euskaraz edo erdaraz?

(Duda jartzen du) Erdaraz izanen zen segur aski. Larraintzarren nire adinekoak ere ez dakite euskaraz eta.

 

Ihabena familia osoa

Zergatik etorri zineten Ihabena?

Han familia handia eta lur gutxi. Etxea ere oso ttikia. Eta Larraintzarra Ihabengo Jose Aldaz zena joaten zen arrautza biltzera eta hemengoak, Jauregikoak, esanen zioten maistarra behar zutela, eta hala etorri izanen ginen segur aski. Aitak lurra nahi zuen eta hola etorri ginen, gerra akabatu zen urtean (1939)

 

Larraintzar herri kozkorra Ihabenekin alderatuz.

Bai, baina hemen haur asko izaten zen. Eskolara beste lau herrietatik ere etortzen baitziren: Udabe, Beramendi, Itsaso eta Jauntsarastik. Zalaparta faltarik ez zen izaten Ihabenen.

 

Hemen ibili zinen eskolan?

Egunez ez, gauez. Eskolak gauez ere izaten ziren eta joaten ginen sail bat. Maria Victoria Azparren genuen maistra, Uhartekoa.

 

Eta ikasteko gogoa izaten zenuten?

Ez gehiegi, ez genuen uste harekin bizi behar genuenik. Hala ere Larraintzarren joan ziren estudiatzera lau edo bost lagun: Medikuaren 2 seme, Eseberritarrak, horietako bat Etxarri Aranatzen izan zen mediku; gero Arbillana, Gerendiain, Iruñeko Potxolas restaurantekoa, Irujotar batekin ezkondua; eta Eritxen Joxe Mari Espelosin, albaitaria izanen zena. Dena hilak dira.

Lekarozko Kolegiora joan ziren, medikuaren semeak, eta Eritxen Joxe Mari.

 

Ihabenen nekazalgoan.

Bai, halaxe zen, orduan laborea izaten zen. Azienda gutxi, gehiena laborea. Batez ere garia. Eta bakoitzak bere larrainean egiten zituen ultziak. Guk Jauregikoekin batean egiten genituen, elkarri lagunduz, larrain berean.

Trilladora edo ultziak egiteko makinarik ez zen oraindik Ihabenen, ez, geroago ekarri zuen herriak.

 

Eta bizi? Zuen etxean jateko bakarrik ere asko behar.

Halaxe da bai, esan dizut hamaika senide izan garela, beraz etxean denetara 13 lagun, eta bizia atera behar. Lanean, erabat aritzeko, ez zen izaten, baina han eta hemen, ahal zenari heldu beharra izaten zen.

 

Etorri berritan, zer lan dituzu gogoan?

Ihabenen etxeetan ez zen urik eta nik 16 urte nituenean ekarri zuten. Irurtzungo Echeverria kontratista aritu zen. Eta guk, herriko hiru lagunek egin genituen zanja guztiak: Angel Aldatzek, bertsolaria izanen zenak, Agustin Beuntzak, Elizmendikoak eta nik, hiruen artean. Hori bai, gure aitak ere laguntzen zigun pixka bat, ahal zuenean.

Tuberia guztia plomozkoa jarri zuten. Jenerala pulgadakoa eta etxeetara erdikoa.

Aizarotzen ere aritu zen, Porttalen Casildorekin, inklusakoarekin, eta beste batzuekin, haritz ipurdiak ateratzen alor eta soro bihurtzeko. Bitan edo gehiagotan.

 

Eta taberna segituan jarri zenuten?

Ez, ez, askoz ere beranduago. Miltxonean izaten zen taberna. Eta Miltxonekoak utzi zutenean, gure atteri berotu zioten burua ea eramen zuen eta attek baiezkoa eman, eta hola hasi ginen. 1944. urtean edo holatsu. Eta urte askoz eraman genuen.

 

Jendea biltzen zen.

Bai, bai, jende asko biltzen zen. Hurbileko herri hauetatik guztietatik. Etxalekutik ere saila etortzen zen.

 

Igandetan.

Astez ere bai. Etxalekun ere gazteria handia zen, gerra ondorean.

 

Aitarekin lanean, nekazalgoan.

Bai, hala da, baina kanpora ere ateratzen nintzen. 1947. urtean joan nintzen soldadu eta urte hartan Larraintzarren aritu nintzen belarretan, Eritxendako (Pedrokonea)

 

Soldadutako kontuak

 

Soldadu. Nora eramen zintuzten?

Afrikara. Zazpi egun kosta zitzaigun hemendik Ceutara joatea. Tren zahar batean, aziendarekin ibilitakoa. Sail bat sartu bagon bakoitzean eta hola, aziendan gisa.

 

Eta zenbat denbora pasatu zenuen Ceutan?

Zazpi hilabete edo horrelako bat. Kabo atera nuen. Eta, gero, tifusa harrapatu nuen. Eta bertan ari ziren mediku Etxarri Larrungo bi mutil, eta esan zidaten ea nahi nuen etorri Espainiara; eta baietz!

Espainian Tabor bat zegoen hemen, Huescan, Tamarite de Literan eta hemen hilabete bat egin nuen. Eta gero eraman gintuzten Jerez de la Frontera, punta batetik bestera, beste hilabete bat egiteko, eta ondoren, Ciudad Reala. Baziren bandoleroak eta horien kontra ari behar (1)

Puerto Llanon (Ciudad Real) ere egon nintzen. Eta ostatuz Zezen Plazako bizitza batean, bi neska zahar ziren eta haiek prestatzen zizkidaten otorduak.

Cabo furriel nintzen eta Brigadak janariekin tranpa egiten zuen. Beretako gordetzen zuen zati bat. Oihutura hori oso hedatua zegoen ejertzitoan.

 

Ihabengo apez baten historia

Entzun izan dut Ciudad Realen Ihabengo seme bat apez izan zela garai haietan.

Bai, Martin Elizondo Rekalde, Villar del Pozo (2) delako herri batean zegoen. Bi herrietako parrokoa izan zen. 1938ko kintakoa zen. Arreba bat ere bazuen hara joana eta guardia civil batekin ezkondu zen.

 

Apez honek estudiante zegoenean izan zuen nahasketa.

Bai, hemen Ihabenen Ariztimuño zegoen apez eta garai hartan izan zen nahasketa handia. Martin Elizondo hau apez estudioan, eta oporretan hemen zela, ugaldera joan eta han neska batzuekin topo egin hauek bainatzen ari zirela. Ez zen deus izan, baina salaketa jarri zuen Ariztimuñok Iruñeko obispoaren aurrean eta izugarrizko iskanbila sortu zen. Ihabengo eliza hertsi zuten kastigu bezala.

 

Eta irekiko zuten noizbait eliza.

Bai, agudo samar. Hemendik joan zen komisio bat. Gure atte ere han zen. Eta badakizu zer esaten zuen? Ez zela gehiago joanen, arrunt gaizki tratatu zituztela eta. Nola nahi gisa, agudo ireki zuten eliza.

 

Eta Martinekin zer pasatu zen?

Bai, Gregorio Etxeberria Barrena, Nafarroako semea, Ciudad Realen obispo egoki eta Martin Elizondo hau asko maite omen zuen, eta horrela hara eraman zuen karrera bukatzera. Karrera bukatutakoan bertan gelditu zen apez.

 

Etorkizunaren bila, han eta hemen lanean

 

Eta soldadu bukatu eta etxera. Noiz zen hori eta zertan hasi zinen?

  1. urtean. Lehenbiziko Alkozko Bernardino Iraizotzengana joan nintzen beste batzuekin. Lantegira, kamion kargatzera Iratira. Buru Pedro Balda genuen, orokietarra. Nirekin batera, beste bat, Patxi Beramendiko Labornekoa; eta Orokietako Joaquin Altsua. Lan horretan, negua etorri artio, lau edo bost hilabete.

Gero Arzelusendako aritu ginen, Gipuzkoan, pinu landatzen, pinu handiak botatzen, zumea mozten (moztu eta presan sartu behar izaten genuen, behatzeko. Eta ondoren saskiak egiteko ibiltzen zuten) Hori dena, Arriaranen izan zen.

Arriaranen (Beasain) borda batean ginen, bordaren alderdi batean gu eta bestean familia bat. Gau batez, inor ohartzen ez zela, bordak su hartu zuen eta ahal zena egin genuen, dena kiskali baitzen. Oroitzen naiz nola atera nuen astoa, erdi itoa zegoena.

Borda zaharrok berehala erretzen baitira!

Hurrengo urtean berriz Iratira joan ginen, etxalekuar batzuentzat: Luis Aiestaran eta Isidro Elizondorendako. Urte bat egin genuen hauendako.

 

Gero Ollakarizketako bentaberrin ere aritu zinen lanean.

Bai, ogia, pentsuak, denda…denetatik bazuten han, eta herriz herri ibiltzen ziren ogi eta pentsu saltzen alde batetik eta, bestetik, esnea biltzen.

Etxean nengoen egun batez, Joxe Vitoria, Bentaberrin txofer zebilen orokietarra etorri zitzaidan, ea joanen nintzaion laguntzera. Elurra zen orduan ere, askotan bezala, baina kitanieves ez zuten pasatzen. Joan nintzen eta pasatu nituen egun batzuk.

Eta badakizu zer pasatzen zen? Ba, esnea ere biltzen zutela, baina nekazari gehienak pozaletan ateratzen zuten eta galdetzen zitzaien: Zenbat duzu? Eta erantzuna, 10, 12… litro. Eta Iruñean esne hori saltzerakoan, litro franko faltatzen zela! Modu txarra, modu txarra!

Eta Pakok, Bentaberrikoak, esan zidan ea joanen nintzen lanera, esne biltzera batez ere, eta nahiz eta oihanean nuen baino soldata baino ttikiagoa agindu, joan egin nintzen (Ikatz egiten hileko 1.500 pzta irabazten nuen eta Bentaberrin agindutakoa 1.200 pzta zen).

 

Eta luze aritu zinen lan horretan?

Ez, ez. Martinarekin hasi nintzen tratatzen (bere andreaz ari da) eta utzi beharra izandu nuen eta nire partez anaia sartu zen, Serapio. Nik urte pare bat egin nuen.

 

Gidatzeko karneta ere orduan aterako zenuen, ezta?

Keba, karnetarik gabe ibili nintzen. Iruñean esnea banatu eta dena. Karnetarik gabe. Orduan hala izaten ziren gauzak!

 

Eta nekazari, etxaldeko nagusi

Eta Martinaren familiakoak zer ziren, etxeko jabeak edo maistarrak?

Maistarrak. Etxe honen jabea Ameriketara joana zen aspaldian, etxea hipotekatu ondoren. Jauntsarasko Martikonekoak zuten hipotekan emana dirua. Eta bordaren gainean, berriz, Etxalekuko Iribasek zuen diru emana.

Etxe honek zor zuena ez zen bada hainbeste! Denetara 9.000 pzta zor zuen.

Martinak bazuen osaba bat Ameriketan eta hau etxea erosteko asmotan zen eta erdia ere pagatua zuen. Ez dakit, 28.000 pzta zen noski etxearen balioa. Baina bigarren erdia pagatu baino lehen hil egin zen.

Eta orduan, ni hemen Miltxonean izatean, etxea erostea erabaki nuen eta bigarren erdia ordaindu nuen, hipoteka barne. Sos guztiak bota beharra izan nuen.

Eta etxe honetan eman dut bizitza osoa, nekazalgoan, azienda, esnea…

Miltxonea izanen dugu Ihaben zaharrenekoa, XVI mendekoa, lehenagokoa ez bada.

 

Eta noiz konpondu zenuten etxea, Periko?

Erosi eta hamar urtetara. Eta berritze lanak egiteko diru aski ez eta 15.000 pzta hartu nituen prestamoz.

 

Zenbat ume izan dituzue?

Bost ume, denak ongi dira. Zaharrena mutikoa eta gero lau neskato.

 

Kontzejuko gauzetan ere saiatu izan zara.

Bai, bai, herrietan denok jarri behar izaten dugu zerbait. Ni, urtez frankoz, diruzaina izan naiz. Gero, badakizu, urak direla, auzalanak direla…beste edozeinek bezainbat.

 

Eta Basaburuko udaletxean ere bai kontzejal edo zinegotzi.

Bai, bai, monteroa, Javier Bergara, etorri zitzaidan: kontzejal izateko presentatu behar zaitugu…eta hala aurkeztu ninduten.

Urte frankoz izan nintzen kontzejal.

 

Eta gero udaleko Alkate.

Bai, Gartzarongo Martxoneko Ferminek utzi zuenean, ni sartu nintzen eta bi urtez izan nintzen alkate.

Txurdan

 

GEHIGARRIAK

Munarritz Goñitarrak, senide guztiak:

Pedro, Martina Larrionekin Ihabengo Miltxonean ezkondua.

Lucia, Ihabengo Elizamendira ezkondua, Agustin Beuntzarekin

Serapio.

Ines.

Angelita.

Tere. HILA.

Consuelo.

Cecilia. Markalaina ezkondu zen.

Paco. HILA.

Martin.

Jose Luis.

Oraindik 9 senide bizi dira.

 

OHARRAK

  • Maroko Espainiaon zenean, XIX. Mendearen azken aldean eta XX. aren lehen hiru hamarkadetan, “tabor” moroz osatutako brigadak antolatu zituen Espainiak. Tabor horietako batean ibili zen Penintsulan Pedro Munarriz, moroekin. Beraz esan dezakegu Tabor edo Brigada berdintsuak direla.
  • “Bandoleroak”, 1936-1939ko gerra ondoren, han eta hemen Errepublikaren aldeko soldaduak mendietara jo zuten. Gerrillariak ziren, baina garai hartan Frankoren prentsan ez ziren horrela izendatzen, “bandolero” baizik. Eta jendeak ere hala deitzen zieten.
  • Martin Elizondok bi Parrokia izan zituen. Orain 12-15 urte hil zen, eta Villar del Pozo herri ttikian badu bere izenean plaza bat. Berak zeraman bigarren herria, Ballesteros de Calatrava zen.